XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. INDUSTRI IHARDUERA HISTORIAN ZEHAR.

Naturak ematen dizkigun produktuetako batzuk zuzen-zuzenean kontsumitzen ditugu: esate baterako, gereziak hartu eta jan egiten ditugu.

Baina badira beste produktu batzuk kontsumitu edo erabili aurretik gizakiak landu egin behar izaten dituenak: konparazio baterako, arotzak zuhaitzen zura landu egin behar izaten du mahai edota aulki bihurtzeko.

Industriak, produkzio izeneko prozesu baten bidez, lehengaiak produktu landu bilakatzen ditu.

Industriak aldi ezberdinak ezagutu ditu:.

Artesau aldia: Industriako lehen aldi honetako langileei artisauak deitzen zitzaien.

Artisauek lehengaia hartu eta produktua erabat bukatuta utzi arteko prozesu guztia heurek bakarrik burutzen zuten.

Tresna oso soilez egiten zuten lana eta makinaren bat erabiliz gero, beren besoez edo animaliaren baten indarrez mugiarazten zuten.

Artisaua bera zen tailerreko jabea eta aprendiza edota ofizial gutxi batzuk izaten zituen berekin lanbidea ikasten.

Produktuak bizi ziren hirian bertan saltzen zituzten.

Euskal Herrian izan ziren horrelako artisauak.

Garrantzitsuenak burdin industrian ihardun zutenak izan ziren.

Hastapeneko burdin industria haiei burdinolak deitzen zitzaien.

Manufakturazko aldia: Artisauak eboluzionatzean, beren tailer txikiak utzi eta lantegi handiagoetan hasi ziren lanean.

Lantegi hauen jabeak ugazabak ziren eta artisauek soldata baten truke egiten zuten lana.

Salmenta eremua zabaldu eta produktuak beren herrietatik kanpo ere hasi ziren saltzen.

Aldi hauek argi ikusteko, Euskal Herriko burdinolen eboluzioa azter dezakezue.